TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA I. KAPITULUA: Izaera eta zergagaia 1. artikulua. 1. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga bide publikoetatik zirkulatzeko gai diren trakzio mekanikoko ibilgailuen titulartasuna zergapetzen duen zuzeneko tributua da, haien mota, kategoria, potentzia, edukiera eta karga edozein direla ere, eta zirkulazio baimenean ageri den helbidea Aretxabaletako udalerrian dagoenean exijitzen da. 2. Ibilgailua zirkulatzeko gai izango da bidezko erregistro publikoetan matrikulatua izan denean eta haietan oraindik baja emanda ez dagoenean. Aldi baterako baimena dutenak eta turismo matrikula daramatenak ere zirkulatzeko gai izango dira zerga honen ondorioetarako. 3. Ondoko hauek ez daude zerga honi lotuta: a) Aspaldiko modeloak izateagatik erregistroetan baja emanda egon arren, kasu berezietan zirkulatzeko baimendu daitezkeenak haientzat antolatzen diren erakusketa, lehiaketa edo lasterketak direla-eta. b) Trakzio mekanikoko ibilgailuek eramandako atoiak eta erdiatoiak, hauen karga erabilgarria 750 kilogramotik gorakoa ez denean. II. KAPITULUA: Salbuespenak 2. artikulua. 1. Ondoko hauek daude Zergatik salbuetsita: a) Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udal entitateen ibilgailu ofizialak, defentsari edo herritarren segurtasunari atxikita badaude. b) Ordezkaritza diplomatikoen ibilgailuak, bulego kontsularrenak, eta atzerriko agente diplomatiko eta kreditatuta dauden karrerako funtzionario kontsularrenak, kanpoaldetik identifikatuta badaude eta beren mailan eta hedaduran elkarrekikotasun baldintza betetzen bada.Baita ere, Espainiako Estatuan egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen ibilgailuak eta beren funtzionario edo kideenak, hauek estatutu diplomatikoa dutenean. c) Nazioarteko itun edo hitzarmenen ondorioz salbuestekoak diren ibilgailuak. d) Osasun laguntza emateko edo zauritu zein gaixoak garraiatzeko erabiltzen diren anbulantziak eta gainerako ibilgailuak. e) Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, II. eranskinaren A letran aipatuak. Hau da, 350 kg-tik gorako tararik ez duten ibilgailuak, beren eraikuntzagatik toki lauan 45 km. orduko abiadura gainditu ezin dutenean eta arazo edo ezintasun fisikoren bat duten pertsonek erabiltzeko bereziki proiektatu eta eraiki direnean (eta ez bakarrik egokitu). Era berean, salbuetsita daude minusbaliatuen izenean matrikulatutako ibilgailuak, pertsona horiek soilik erabiltzekoak direnean. Salbuespen hau zirkunstantzia horiek betetzen diren artean aplikatuko da, pertsona ezinduek gidatutako ibilgailuak izan nahiz horiek garraiatzeko ibilgailuak izan. Aurreko bi paragrafoetan aipatutako salbuespenak ibilgailu batengatik bakarrik izango zaizkie aplikagarriak horien onuradun diren subjektu pasiboei. Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, legez 100eko 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun maila dutenak izango dira pertsona minusbaliatuak. f) Udalaren emakida administratibo bidez herri garraio zerbitzuari atxikita dauden autobusak, mikrobusak eta gainerako ibilgailuak, horien plaza kopurua, gidariarena barne, bederatzitik gorakoa denean. g) Traktoreak, atoiak, erdiatoiak eta makineria, Nekazaritzako Makineria inskribatzeko Kartilaz hornituta daudenean. 2. Artikulu honen 1 apartatuko e) eta g) letretan aipatzen diren salbuespenak gozatu ahal izateko, interesatuek eskaera bat aurkeztu beharko dute ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia adieraziz. Udal Administrazio honek salbuespena onartu ondoren, agiri bat luzatuko du hura eman dela frogatzeko. 3. Aurreko apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldatuta, eta zergaz salbuesteko eskaera Udaletxeko Erregistro Orokorrean idatziz aurkeztu. Eskaerari honako agiriok erantsiko dizkiote: a) Ibilgailuak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat direnean edo minusbaliatuen izenean eta horiek bakarrik erabiltzeko matrikulatuta daudenean: - Ibilgailuaren Zirkulazio Baimenaren fotokopia- Ibilgailuaren ezaugarri teknikoen ziurtagiriaren fotokopia.- Gizartekintzak edo bere ordez diharduen erakunde edo agintari administratiboak luzatutako ziurtagiri originala. b) Traktoreak, atoiak, erdiatoiak eta nekazaritzako makinak badira: - Ibilgailuaren Zirkulazio Baimenaren fotokopia- Ibilgailuaren ezaugarri teknikoen ziurtagiriaren fotokopia.- Nekazaritzako Makineria inskribatzeko Kartilaren fotokopia edo, bestela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Departamentuko Nekazaritzako Makineriaren Erroldan alta hartu izanaren frogagiria, nahitaez ibilgailuaren titularraren izenean luzatua. III. KAPITULUA: Subjektu pasiboak 3. artikulua.Honako hauek dira zerga honen subjektu pasiboak: pertsona fisiko zein juridikoak eta Zergen Foru Arau Orokorraren 33. artikuluan aipatutako entitateak, zirkulazio baimenean ibilgailua beren izenean ageri denean. IV. KAPITULUA: Zergaldia eta sortzapena 4. artikulua.1. Zergaldia bat dator urte naturalarekin, salbu ibilgailuak lehen aldiz eskuratzen direnean edo behin betiko baja ematen zaienean. Horrelakoetan, zergaldia ibilgailua eskuratzen den egunean hasiko da, eta Trafiko Buruzagitzan behin betiko baja ematen zaion egunean amaituko da. 2. Zergaldiaren lehen egunean sortuko da zerga. V. KAPITULUA: Zerga kuota 5. artikulua.1. Eranskinean jasota dauden tarifen taulari jarraiki exijituko da zerga. 2. Ibilgailuak lehen aldiz eskuratzen direnean edo behin betiko baja ematen zaienean, kuota hilabete naturaletan hainbanatuko da, ibilgailua eskuratu edo baja ematen zaion hilabetea barne.Ibilgailua lapurtzeagatik Erregistro Publikoan aldi baterako baja ematen zaionean ere kuota modu berean hainbanatuko da. 3. Aurreko apartatuko tarifak aplikagarri izango dituzten ibilgailu motak zehazteko, kontuan hartuko da abenduaren 21eko 114/1999 Foru Dekretua, hain zuzen ere, ibilgailu mota desberdinen kontzeptua ezarri eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren tarifak aplikatzeko arauak finkatzen dituena. Zehazki esanda: - 1na. Zerga honen ondorioetarako, bere tarifetan zerrendatzen diren ibilgailu mota desberdinen kontzeptua abenduaren 23ko 2.822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzekoak, II. eranskinean jasotakoa izango da. - 2na. Furgoi edo furgonetek, ibilgailu misto moldagarriek eta turismotik eratorritakoek turismo gisa tributatuko dute beren potentzia fiskalaren arabera. Ez da horrela izango, ordea, 1.000 kilogramotik gorako karga erabilgarria garraiatu dezaketenean, kamioi gisa tributatuko baitute orduan.- 3na. Autokarabanek turismo gisa tributatuko dute beren potentzia fiskalaren arabera.- 4na. Edozein kasutan ere, tarifa horien D) letran adierazitako traktoreen errubrika orokorrak honako hauek ere hartzen ditu: «traktokamioiak», «obra eta zerbitzuetako traktoreak» eta trakzio mekanikoko beste ibilgailuek garraiatu edo eramanak izan gabe bide publikoetatik zirkula dezaketen makina autobultzatuak.- 5na. Hiru gurpileko ibilgailuak eta kuatrizikloak motozikletatzat hartuko dira zerga honen ondorioetarako eta, beraz, beren zilindradaren arabera tributatuko dute. Kuatriziklo arinek, beren aldetik, ziklomotore gisa tributatuko dute. - 6na. Ibilgailu artikulatuen kasuan, arrasteko potentzia daramak eta arrastean eramandako atoiek eta erdiatoiek aldi berean eta bereizita tributatuko dute.- 7na. Zaldi fiskaletan adierazitako potentzia fiskala abenduaren 23ko 2.822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzekoak, V. eranskinean xedatutakoaren arabera ezarriko da. VI. KAPITULUA: Hobariak 6. artikulua.1. Ez da hobaririk jasotzen baina izaera orokorrez jasoko balira, hobaria eskaera egin ondorengo ekitalditik aurrera hasten da aplikatzen, eta ez du atzerako eraginik. Dena den, onura fiskala likidazioa irmoa izan baino lehen eskatzen denean, onura emango da baldin eta hobaria jasotzeko baldintzak zerga sortzen den egunean betetzen badira. Hobaria interesatuek eskatu beharko dute ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia adieraziz. Udal Administrazioak hobaria onartu ondoren, agiri bat luzatuko du eman dela frogatzeko. VII. KAPITULUA: Kudeaketa eta likidazioa 7. artikulua.Ibilgailuaren zirkulazio baimenean ageri den helbidea bere udalerrian dagoenean, zerga kudeatu, likidatu, ikuskatu eta biltzea, eta orobat, zerga kudeaketan emandako egintzak berrikustea Aretxabaletako Udalaren ardura da. 8. artikulua.Matrikulazioaren eta zirkulatzeko baimenaren ondorioz zergan alta hartzen duten ibilgailuen kasuan, autolikidazio erregimenean kudeatzen da zerga, eta gainontzeko ibilgailuen kasuan, berriz, Udalak urtero egiten duen Erroldaren bidez. Aitorpen-likidazioak Udaletxean aurki daitezkeen inprimaki normalizatuak erabiliz egingo dira. Aitorpen-likidazio horiek kalkulurako beharrezkoak diren elementuak jasoko dituzte, eta agiri hauek erantsita aurkeztuko dira: ibilgailua erosi edo aldatu izanaren frogagiriak, ezaugarri teknikoen ziurtagiria eta subjektu pasiboaren Nortasun Agiria edo Identifikazio Fiskaleko zenbakia. Aitorpen-likidazioa behin bere esku duela, interesatuak bulego kudeatzailean edo entitate laguntzaile batean ordaindu ahal izango du zerga kuotaren zenbatekoa. Edozein kasutan ere, ibilgailua matrikulatu baino lehen, bulego kudeatzaileak egiaztatuko du ordainketa behar den zenbatekoagatik egin dela, eta aitorpen inprimakia egiaztatu izana adieraziko du. 9. artikulua.1. Trafiko Buruzagitzari ibilgailuaren matrikulazioa, zirkulatzeko gaitasun agiria edo behin betiko baja eskatzen diotenek Zerga ordaindu izana frogatu beharko dute aldez aurretik. 2. Ibilgailuen titularrek Trafiko Buruzagitzari haien erreformaren berri ematen diotenean, Zerga honen eraginetarako duten sailkapena aldatzen bada betiere, eta orobat, ibilgailuak transferitu, zirkulazio baimenean ageri den helbidea aldatu edo horiei baja ematen dietenean, zergaren azken ordainagiria ordaindu izana frogatu beharko diote aurrez Trafiko Buruzagitzari. Horrek ez du eragotziko, dena den, kontzeptu horregatik sortu, likidatu, kobrantzara aurkeztu eta preskribitu ez diren zor guztien ordainketa kudeaketa eta ikuskaritza organoen bitartez exijitu ahal izatea. Hamabost urteko edo hortik gorako antzinatasuna duten ibilgailuen behin betiko bajak ordainketa frogatzeko obligaziotik kanpo geratzen dira. 3. Trafiko Buruzagitzek ez dute ibilgailuen baja edo transferentzia espedienterik izapidetuko, aurretik Zerga ordaindu izana frogatzen ez bada. 10. artikulua.Subjektu pasiboak ordainketa geroratu edo zatikatzeko eskaera borondatezko epean aurkeztu badu eta Udalak onartu badio ez da berandutza interesik exijituko. Onura hori lortzeko beharrezkoa izango da ordainketa zerga sortu den ekitaldian egitea. VIII. KAPITULUA: Betebehar formalak eta zerga arlokoak 11. artikulua.Zerga honi lotutako ibilgailuen titularrek beharrezko tramiteak egin beharko dituzte Trafiko Buruzagitzan zirkulazio baimenean agertzen den helbidea beren ohiko egoitzakoa izan dadin. IX. KAPITULUA: Erroldak 12. artikulua.1. Matrikulatuta dauden edo zirkulatzeko gai diren ibilgailuen kasuan, zergaren urteko kuotak urte bakoitzeko lehen lauhilekaren barruan eta Udalak erabakitzen duen kobrantza aldian ordainduko dira. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ediktuak argitaratuz eta legeriak aurreikusten dituen edo egoki jotzen diren bestelako baliabideak erabiliz emango da horren berri.2. Aurreko apartatuan araututako kasuan, urteko errolda erabiliz bilduko dira kuotak. Erroldaren aldaketak Trafikoko Erregistro Publikoaren datuetan oinarrituko dira. 3. Errolda edo zergaren matrikula jendaurrean erakutsiko da interesatuek aztertu eta bidezko erreklamazioak egin ahal izan ditzaten. Horretarako epea hilabete bat izango da, kobrantza aldia hasten denetik aurrera. Jendaurreko erakusketaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta subjektu pasibo bakoitzari likidazioa jakinarazteko balio izango du. X. KAPITULUA: Itzulketak 13. artikulua.Ibilgailuari zerga sortu ondoren ematen bazaio behin betiko baja eta, ordurako, kuota ordainduta badago, subjektu pasiboak dagokion zenbatekoaren itzulketa eskatu ahal izango du Ordenantza Fiskal honen 5.2 artikuluan aipatzen den hainbanaketa aplikatuta. 14. artikulua. Xedapen gehigarria11/1989 Foru Arauan xedatutakoari jarraiki, zerga honi Zergen Foru Arau Orokorrak kudeaketa, likidazio, ikuskapen eta bilketari buruz nahiz zerga urraketa eta zigorrei buruz jasotzen dituen arauak aplikatuko zaizkio. 15. artikulua. Amaierako xedapenaOrdenantza honek 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta bere eranskinak 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera; indarrean jarraituko dute horiek indargabetzea edo aldatzea erabakitzen ez den bitartean. 16. artikulua. Xedapen indargabetzailea Indargabeturik geratzen da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren kuotak zehazteko oinarrizko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskala, 2003ko urriaren 9an behin betiko onartua. ALKATEA,